Martxoaren 31n eta apirilaren 1ean “Baietz 20 ordu euskaraz” egitasmoa aurrera eramango da Intxaurrondon auzoko hainbat eragileren ekimenez. Auzotarren artean euskararen erabilera aktibatu eta hizkuntza berdintasuna sustatzeko asmoz antolatuko dute egitasmoa auzoan.

Intxaurrondon euskararen egoera eraldatzeko baldintzak sortu nahi dira 2017an eta horretarako bi fase aurreikusi dira: lehen aldian, martxoaren 31n eta apirilaren 1ean, “Baietz 20 ordu euskaraz” ekimena antolatuko da eta bigarren aldian, azaroaren 13tik abenduaren 3ra, “Baietz 20 egun euskaraz”.

Lehen faseko helburua: udazkeneko ekimena ezagutzera ematea eta auzoa girotzea

Intxaurrondoko herritar askok euskaraz bizitzeko eta euskara ahalik eta gehienetan erabili ahal izateko duten nahia adierazteko antolatuko da 20 orduko maratoia auzoan. Festak Bernart Etxepare plazan izango du gune nagusia, han karpa bat jarriko baita eta ekintza gehienak bertan garatuko dira. Intxaurrondoko eragile gehienek parte hartuko dute maratoi honetan eta era guztietako ekintzak antolatuko dira: antzezlanak, literatura, musika eta dantza emanaldiak, euskara praktikatzeko egitasmoak, pailazoak, ikastaroak, erromeriak, kalejirak, kirol ekitaldiak, Donostiako suhiltzaileen erakustaldia eta abar luzea. Mikel Urdangarin Plazara Goaz euskara batzordeko kidearen esanetan “Auzotar guztiak handik igarotzea nahi genuke. Auzoko eragile gehienek parte hartu dute ekimenaren antolaketan modu batean edo bestean, eta saiatu gara auzotar guztientzat erakargarriak izan daitezkeen ekinbideak antolatzen. Jarduera guztiek, gainera, ardatz bat dute oinarri: umorea eta bizipoza, disfrutatzea nahi dugu eta”.

Era berean, azaroan antolatuko den “Baietz 20 egun euskaraz” ekimenaren berri eman nahi da bi egun hauetan.

Baietz 20 egun euskaraz” arazoaren 13tik abenduaren 3ra

Bigarren fasean euskararen erabilera sustatzeko egitasmoa jarriko da martxan, euskara orain baino gehiago erabiltzeko erronka pertsonala eta kolektiboa proposatuz. Egitasmo honen helburua euskal hiztunak eta elebidun hartzaile pasiboak aktibatzea da. “Herritar guztiok dugu aukeratutako hizkuntzan hitz egiteko eskubidea, baita euskal hiztunok ere. Hori da hizkuntza berdintasuna.Intxaurrondon, hirutik batek ( %37,47) euskaraz daki eta hirutik bik( %66,17) ulertzen du. Egitasmo honekin euskaldunen artean euskaraz egitea nahi dugu, baita euskaraz ulertzen dutenekin ere, elkarrizketak elebidunak sustatuz, hau da euskaraz dakienak euskaraz ulertzen duenarekin euskaraz egiteko aukera zabaltzea, nahiz eta honek gazteleraz erantzun” adierazi du Urdangarinek. “Guretzat garrantzitsuak diren pertsonekin euskaraz egin nahi dugu. Maite dugun hizkuntza oparitu nahi diegu, haiek ere doan ikastaro aukera izan dezaten”.

Miren Azkarate kultura, euskara eta hezkuntzako zinegotziak ere bide horretan sakontzea beharrezkoa ikusten du “Euskararen erabileran urratsak ematen jarraitzeko elkarrizketa elebidunak sustatzea oso garrantzitsua da. Elkarrizketa elebidunak normaltasunez hartzea da gakoa, euskaldunak eta ia-euskaldunak kontzientziatu behar ditugu horretarako”. Bere esanetan, elkarrizketa elebidunak sustatzea mesederako da, batez ere euskara ikasten hasi direnentzat. “Sarritan euskaldunok ez gara ausartzen euskara ikasten ari direnei euskara egiten eta mesede baino kalte egiten diegu, euskaraz aritzeko eta praktikatzeko pertsonak behar baitituzte euskararen jabekuntza prozesuan aurrera egiteko”.

Gizarte eragileak eta erakundeak elkarlanean

Bestalde, mota honetako ekimenak gizartearen babesa izatea ezinbestekoa da. “Hizkuntza ohituretan aldaketa sakonak emateko babes soziala funtsezkoa da. Garrantzitsua da euskaraz jakin eta ulertzen dutenek euskara gehiago erabiltzeko urratsak ematea eta garrantzitsua da ere euskara ez dakitenek hori ulertzea eta babestea” azaldu du Azkaratek.

Era berean, Intxaurrondoko ekinbide honek udal talde guztien adostasuna eta babesa duela azpimarratu du Azkaratek. “Donostiako Udalean ordezkaritza duten alderdi guztiek bat egin dute egitasmoarekin. Hizkuntzaren normalizazioa denon ardura da eta Donostiako Udala prest dago bizikidetza eta hizkuntza berdintasunaren aldeko ekimenak sustatzen jarraitzeko”.

Egia eta Lasarte eredu

Bi iturritatik edan dute intxaurrondoarrek. Batetik, Lasarte-Orian lau urtetik behin antolatu ohi duten Euskararen Maratoiaren azken ediziotik abiatura egin den 40 eguneko esperientzia izan dute inspirazio iturri, eta bestetik, Egia auzoan euskaldunak aktibatzeko eta ahalduntzeko egindako hainbat egunetako ekimena hartu dute oinarri.

Gauzak horrela, bigarren fase honetan Aho-biziak (euskaraz hitz egiteko prest direnak) eta belarri-prest dutenak ( euskaraz entzuteko prest daudenak) aktibatuko dira. Aho-biziak inguruan dituztenekin euskaraz arituko dira, baldin eta euskara ulertzen badute. Ezagun horiekin euskaraz beti eta erabat egiten saiatuko dira eta normaltasunez hartuko dira elkarrizketa elebidunak. Ezezagunekin hitz egiterakoan berriz, lehen hitza eta bigarren hitza euskaraz egiten saiatuko dira, eta ulermena ziurtatuta dagoen kasuetan, elkarrizketa elebidunak mantenduko dituzte.

Intxaurrondoko Plazara Goaz Euskara Batzordeaz gain, auzoko hamaika eragile ari dira antolaketa lanetan: Intxaurrondo ikastola, Hegoa ikastetxea, Lauaizeta ikastola, Intxaurrondo Ikastolako Guraso Elkartea, Hegoa ikastetxeko Guraso Elkartea, Haizalde elkartea, Zulo Zahar elkartea, IZBE, Intxaurrondoko Historia Mintegia, Intxaurrondo Kantuz, Intxhaurgunea, Gazte-lekua eta Haur-txokoa, Larrotxene eta Intxaurrondo Kultur Etxeak, Loreak taldea (Urtxintxa eskolaren laguntzarekin), Gazte Asanblada, Traganarruak kofradia (Donostiako Piratak). Horiez gain, Udalaren Euskara Zerbitzuak eta Bagera elkartea ere ekarpen garrantzitsua egiten ari dira.

Egitaraua eta informazio gehiago

Iturria: donostiaeuskaraz.eus