Intxaurrondon 20 ordu euskaraz udaberrian, 20 egun euskaraz udazkenean

Donostiako auzoan egun beteko jai giroa izango dute martxoaren amaieran. Jaiak, 20 egunez euskaraz aritzeko ekimena iragarriko du.

Bi iturritatik edan dute intxaurrondoarrek. Batetik, Lasarte-Orian lau urtetik behin antolatu ohi duten Euskararen Maratoia izan dute inspirazio iturri, eta bestetik, Donostiako Egia auzoan euskaldunak aktibatzeko eta ahalduntzeko egindako hainbat egunetako ekimena hartu dute oinarri.

Hala, martxoaren 31tik apirilaren 1a bitarte “Baietz 20 ordu euskaraz Intxaurrondon!” eguna egingo dute Bernat Etxepare plazan. Egun horretan udazkeneko ekimena iragarriko dute. Azaroaren 13tik abenduaren 3a arte, Euskararen Egunera arte hain zuzen, euskaraz hitz egiten dutenek eta euskaraz ulertzeko gai direnek euren konpromisoak hartuko dituzte.

2006ko datuen arabera, Intxaurrondoko biztanleen %37,47 euskalduna da, %28,7 ia euskalduna eta %33,8 erdalduna. 16.000 biztanle inguru ditu Donostiako auzoak.

Ekimenaren lehen harria auzoko Plazara Goaz euskara elkarteak jarri zuen eta orain ekimenerako berariaz sortutako batzordea ari da lanean. Plazara Goaz elkartearen blogean ekimenaz informazio zehatza aurki daiteke.

Iturria: Argia

Utzi iruzkin bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude