Gaur eman zaio hasiera Euskaraldiari eta Intxaurrondon atzo beroketa lanak egiten ibili ginen gaurko egunez #Belarriprest eta #Ahobizi txapak soinean jarri eta kalera ateratzeko! Euskaraz bizitzea da intxaurrondotar askok partekatzen dugun ametsetako bat, eta egunero ari gara lanean ametsa errealitate bihurtzeko: zorionez, euskarak espazio asko irabazi ditu gure auzoan eta asko entzuten da haur, gazte eta helduen ahotan. Bejondeigula, beraz!

Duela urte bete 20 egunez euskaraz bizitzeko erronkari heldu genion eta orain Euskaraldiari helduko diogu! Bagatoz euskaraz bizitzera, egin dezagun ikusgarri erabilera kalean, lagunartean, eskolan, etxean, lantokian, erosketak egiterakoan, medikuarenean eta beste edozein txokotan.

GURE ARMA SEKRETUA IRRIBARREA DA. GATAZKAK EKIDIN EZ GARA INOREN KONTRA ARI, NORBAITEK GURE AURKA JOTZEN BADU IRRIBARRE EGIN ETA AURRERA!

Hona hemen atzoko ekitaldian abestu genuen bertso bat:

Euskaraldia hastera doa

Gorputza presta dezagun!

Ez baita makal, ez baita broma,

hamaika dira gau ta egun.

Aitona-amona, ama, dendari,

ezezagun ta ezagun:

indarrak hartu, lotsei aurre egin,

belarri ta aho lagun. (BIS)