“Herri memoria lantzen – 1936ko gerra Intxaurrondon” ibilaldia Josetxo Otegirekin (2022-10-01)
2022ko urriaren lehenean – 10:30etan – Lauhaizeta ikastetxetik abiatuta.

Heldu den 2022ko urriaren 1ean, Donostiako Intxaurrondo auzoan “Plazara goaz”en ekimenez, herri-memoria lantzeko ibilbide historiko bat egingo da.

Ibilbidearen helburua da 1936ko uztailaren 18 eta 28 artean auzoan zer gertatu zen azaltzea. Zer gertatu zen auzoan Errepublikaren aurkako estatu-kolpe faxistaren ondorioz? Non gertatu zen hori? Bereziki Egia eta Intxaurrondo arteko baserrietan gertatutako borroka latzak. Geroago, 1936ko azaroan, Luis Manuel Irisarri auzokidea atxilotu eta fusilatu zuten. Gerra bukatuta, 1940an, Intxaurrondo (ordura arte Altza herriaren barruan zegoena) frankistek Donostiari anexionatu zioten.
Bukaeran, gerra baino lehenago, 1931ko maiatzaren 27an, gertatu zen Ategorrietako sarraskia ere gogoratu dugu, Ategorrietan bertan.

Arestian aipatutakoek Intxaurrondon utzitako aztarnekin azalduko zaizkie auzokide eta hiritarrei, gertakizunen eszenatokiak bisitatuz eta azalpen labur bat emanez toki bakoitzean, garaiko irudiak erakutsiz, gainera.

Modu honetan, ibilbidera hurbilduko direnei auzoaren memoriaren jakin mina piztu nahi diegu, geroago beren kabuz historian sakondu dezaten, Intxaurrondo auzoaren sustrai herrikoi, euskaldun eta aurrerakoiak urrutitik datozela agerian utziz.

LauHaizeta ikastetxea – Polloe – Basotxiki – Mirakruz – Ategorrieta

Ibilbidea

Hau izango litzateke ibilbidea eta bere iraupena:

1) Hasiera: Lauhaizeta ikastetxea (Gabriel Aresti, 165)
Une historikoa denboran eta espazioan kokatzeko: 1936ko uztailak 18-28
Azalpenaren iraupena: 10 minutu inguru.
Ondoren, Gabriel Aresti ibilbideko Udaraberri baserrira joango gara.
Lauhaizeta ikastetxea-Udaraberri etxea ibiltzen: 2 minutu.

2) Udaraberri etxea (Gabriel Aresti, 158-160)
Bertatik oso ondo ikusten da Loiolako kuartela eta Gabriel Aresti ibilbidea.
Bertan eta inguruko baserrietan izandako borrokak azalduko dira.
Azalpenaren iraupena: 10 minutu inguru
Ondoren, Polloe hilerrian sartuko gera Gabriel Aresti ibilbideko sarreratik.
Udaraberri etxea-Polloe hilerriko sarrera ibiltzen: Minutu bat

3) Polloe hilerriko Gabriel Aresti ibilbideko sarrera
Bertan eta inguruko baserrietan izandako borrokak azalduko dira.
Azalpenaren iraupena: 10 minutu inguru
Jarraian, Irolako biribilgunera joango gara.
Polloeko Gabriel Aresti ibilbideko sarrera-Irolako biribilgunea ibiltzen: 4 minutu

4) Irolako biribilgunea
Bertan eta inguruko baserrietan izandako borrokak azalduko dira. Aipamen berezia egingo da urrunago dagoen Otxoki baserriari buruz (egungo Otxoki parkean zegoena) eta handik hurbil, Ametzagaña mendian, izandako pertsona baten ehorzketari buruz.
Azalpenaren iraupena: 10 minutu inguru
Ondoren, Sibilia kaleko 18. zenbakiaren aldera abiatuko gara.
Irolako biribilgunea-Sibilia kaleko 18.a ibilbidea: 4 minutu

5) Sibilia kaleko 18.a
Hemen aipatuko dira inguru honetako baserrietan izandako borrokak.
Bestalde, hemendik ikus daiteke non kokatzen zen Egia auzoko Tturkoene baserria. Bertan gertatutakoa azalduko da.
Azalpenaren iraupena: 10 minutu inguru.
Ondoren, Basotxiki kalera abiatuko gara.
Sibilia kaleko 18.a-Basotxiki eta Zarategi kaleak elkartzen diren izkinera ibiltzen: 11 minutu

6) Basotxiki eta Zarategi kaleak elkartzen diren izkina
Hemen azalduko da non zegoen Basotxiki baserria. Bertakoa zen Luis Irisarri auzokidea. 1936ko azaroan frankistek atxilotu zuten Zubiarreko tabernan eta hilaren 10ean (uste da) Hernanin edo Oiartzunen fusilatu zuten.
Azalpenaren iraupena: 10 minutu inguru
Gero, Jose Elosegi Alkatea hiribidearen 70. atarira joango gera.
Basotxiki eta Zarategi kaleen izkina-Jose Elosegi Alkatea hiribidea 70. ibiltzen: 15 minutu

7) Jose Elosegi Alkatea hiribidea 70. atari
Hemen azalpenak La Asunción elizan izandako “txeka”-ren ingurukoak izango dira (“Txeka” hau zen errepublikazaleek kontrolatutako espetxe informal antzeko bat).
Azalpenaren iraupena: 10 minutu inguru
Ostean, Txaparrenea pasealekura abiatuko gera.
Jose Elosegi Alkatea hiribidea 70.
Txaparrenea pasealekua ibiltzen: 5 minutu

8) Txaparrenea pasealekua
Hemen azalduko da agintari frankistek Altza herria (Intxaurrondo auzoa barne) Donostiarekin bategitea erabaki zutela, auzokideei kontsultatu gabe, eta pasealeku honetan egin zela bateratze horren zeremonia sinbolikoa 1940an.
Azalpenaren iraupena: 10 minutu inguru
Ondoren, Ategorrietako ordularira joango gara.
Txaparrenea pasealekua-Ategorrietako ordularia ibiltzen: 5 minutu

9) Ategorrietako ordularia
Hemen 1931ko maiatzaren 27an, Errepublika jaio berri zenean, Pasaiatik zetorren arrantzaleen manifestazio baketsu baten aurka Goardia Zibilak buruturiko Ategorrietako sarraskia (7 hildako) azalduko dugu. Ibilbideari amaiera emango zaio aldi berean.
Azalpenaren iraupena: 10 minutu inguru.

1931ko sarraskia gogoratzeko plaka Ategorrietan


Ibilbidearen iraupen osoa: 137 minutu inguru, 2 ordu eta 28 minutu (gutxi gora-behera)