Plazara Goaz Elkartea Intxaurrondoko (Donostia) euskara-taldea da. 1998ko abenduan sortu zen, auzoan euskararen erabilera normalizatzeko helburuarekin. Horretarako, hainbat aktibitate antolatzen ditu urtean zehar.
Auzoko euskaldunek euren artean elkar ezagutzeko, sare bat eraikitzeko, elkarteak zenbait bide erabiltzen ditu: posta-zerrenda bat ekitaldien berri emateko, bloga eta webgunea sortu zituzten geroago. baita Twitter kontua ere.
Motibazioa eta sorrera
Ehun urte lehenago Intxaurrondo Altza udalerriko baserri-gune euskalduna zen, erabat. Baina euskara erabiltzeko debeku gogor asko izan dira azken mendeetan. adibidez hauek:
- 1857 – Espainian Moyano Legeak eskola publikoa sortzen du, baina gaztelaniaz baino ez zela izango zehazten zuen.
- 1924 – Primo de Riveraren diktaduran. Ekitaldi publikoetan euskara erabiltzea debekatu zen.
- 1936 – Armada frankistak euskaraz hitz egitea debekatu zuen. 1938an erregistro publikoetatik ezabatu zuten, eta geroago esparru publiko guztietatik ere bai.
- 1940 – Frankismoak Altza udalerria Donostiakoan integratu zuen eta euskararen presentzia desagertu zen bizitza ofizialetik.
Euskarak auzoan aspaldi zuen aspaldiko erabilera hura berreskuratu nahian 1998an auzoko hainbat elkarte eta pertsona bildu ziren horren alde lan egiteko. Hasierako batzordearen sortzaileen artean hauek egon ziren: AEK, auzo elkarteak, Larrotxene Kultur Etxea, Intxaurrondo Ikastola, Bagera taldea, auzoko Euskal Herrian Euskaraz taldea, Zulo Zahar elkartea, eta hainbat jende independente ere.[1]
2024an elkarteak erakusketa bat antolatu zuen 25 urteko bizitza hori gogoratzeko. Lau txokotan banatu ziren testuak eta argazkiak: 1) Haurrak eta gaztetxoak. 2) Auzoan eragin kale euskararen erabilera sustatu eta auzoko beste ekitaldietan parte hartzeko, 3) Ekintza kulturalak, eta 4) Sentsibilizazioa.
Hauek dira txoko horietan jarri ziren azalpenak.
1. HAURRAK ETA GAZTEAK
Hasiera-hasieratik izan da Plazara Goaz taldearen helburu nagusienetako bat “haurrengan eta gazteengan euskararekiko maitasuna sustatzea”.
Horren adibide dira hauek:
- Larunbatetan eta festetan antolatutako haurrentzako jolasak,
- Urtero gure artean izaten ditugun Pirritx eta Porrotx pailazoak,
- Arrakasta handiz antolatutako Izarrak Plazara ekitaldia,
- Parketarrak izeneko jolas ekimena
- Gaztetxoei zuzendutako Ehun Hitz literatura lehiaketa, eta abar.
Horien artetik, izan zuen hedapenagatik, Izarrak Plazara ekimena nabarmendu nahi dugu:
7 urtez ospatu zen 2012-2018 bitartean eta ehundaka haur eta gaztek parte hartu zuten bertan.
Pirritx, Porrotx, Takolo eta Marimotots pailazoak ere bereziak izan dira
2001 urteaz geroztik ekartzen ditugu guregana, hutsik gabe, gaurdaino,
eta elkarrekiko maitasun handiko harremana landu dugu horrela.
Euskara ez dadin izan eskolako hizkuntza bakarrik,
harremanetarako eta jolasetarako tresna ere bai.
2. AUZOA EGITEN
Gure auzoa konplexua da, gune oso desberdinak dauzka. Plazara Goaz elkarteak bere sorreratik auzo osora zabaltzeko asmoa izan du, gune guztietan ekintzak antolatuz, auzoko jaietan lagunduz… Auzoko zonaldeen arteko kohesioa beharrezkoa da guretzat.
Helburu horrekin, eta Kultur Etxeak bultzatuta, 2011n, auzolanean eta elkarlanean, INTXAURRONDO EGUNA antolatzeko erronka bota zen bi oinarri jarrita:
- Ibiltaria izango zela auzoko 3 gunetan,
- Egun hori auzoko eragileok antolatuko genuela.
2012an Intxaurrondo zaharrean antolatu zen LEHEN INTXAURRONDO EGUNA
Larrotxene Kultur Etxearen 25. urteurrenarekin batera.
Plazara Goazek urtero parte hartu zuen auzoko beste hainbat eragilerekin batera.
Ekitaldien artean, “Sagastiederreko printzesa eta Granadako Boabdil” kale antzerkia, marmitako lehiaketak, bazkariak eta beste hainbat izan genituen.
Nola ez, ezin auzorik egin jairik gabe, eta auzoko jai gehienetan parte hartu dugu hasiera-hasieratik; horrez gain, duela 10 urtez geroztik SAN JOAN JAIA antolatu dugu, beste eragile batzuen laguntzarekin.
Eta gure altxorra azkenik, abenduaren 3an: EUSKARAREN EGUNA.
Gaztainerreketa, dantzak, jolasak… urte luzez ospatu dugu, arrakasta handiz, etenik gabe.
Intxaurrondo da munduan
dagon auzorik onena
gure zati bihurtzen da
guregana datorrena.
Egunero nabari da
gure aurrera pausoa
denon artean gogotsu
egiten da auzoa.
Hori da… bai hoixe!
Intxaurrondo hoberena!
3. EKINTZA KULTURALAK
Nola ez, euskara eta kultura lotuta dauden heinean, ekintza kulturalak izan dira Plazara Goaz-ek landu duen beste arlo nagusietako bat. Hauek, adibidez:
- Euskal Astea.
- Ostegun Kulturalak.
- Erabilera eta belarria egiteko ikastaroak: irristaketa; txirrinda konponketa; makramea; makillajea; sukaldaritza; dantza…
- “Literatura plazara” solasaldiak.
- Ibilaldi kulturalak auzoan zehar.
- Euskal abestien CD/liburuxken banaketa.
Ai Aizu, jabetzen al zara, badugula indar bat,
auzoa biltzen duna…
Ai Aizu, hizkuntza erabili, pauso bat aurrera,
EUSKARAZ BIZI!
4. SENTSIBILIZAZIOA ETA ERABILERA
Euskal Herrian antolatu diren sentsibilizazio-kanpaina eta ekitaldi orotan hartu dugu parte Plazara Goazetik, Korrika eta Euskaraldia kanpainetan batez ere.
Horiez gain, beste hainbat ere sustatu ditu:
- Baietz 20 ordu, Baietz 20 egun, Baietz hamaika Intxaurrondon! eta Nitik harago kanpainak.
- Mintzalaguna egitasmoa.
- Aniztasun astea
- Auzoko merkataritzan euskararen erabilera sustatzeko kanpainak.
- Ikastetxeetako eta euskaltegietako matrikulazio-kanpainak.
- Hausnarketa-prozesuak.
- Hitano ikastaroak.
Euskaldunok euskaraz bizitzeko
gune ahalik eta zabalenak izan ditzagun
eta erdaldunak euskarara hurbil daitezen