Jakingo duzuen bezala, “Nitik harago, Baietz 11 Intxaurrondon” egitasmoan berezitasun berri bati helduko diogu. Orain arte egin ditugun ariketak (Baietz 20 ordu, Baietz 20 egun, Baietz euskaraldia Intxaurrondon…) norbanakoari begirako ariketak izan dira. Bada, aurtengo erronka, ariketa kolektiboki egiteko aukera bat izango da.
2020. urtean egingo den bigarren euskaraldian ariketa honi helduko zaio, hau da, 2020an Euskal Herri osoan planteatuko den erronka norbanakotik kolektiborako pausua ematea izango da.
Nola egingo dugu hori baina?
Bada, “arigune” kontzeptua sortu dugu. Ariguneen kontzeptua argi edukitzea komeni zaigu eta horretarako interesgarria da 2. euskaraldirako sortu duten bideoa ikusi eta bertako ideiak gure errealitatera eta gure esparrura ekartzea.
Guk, ez dugu 2020ra arte itxaron nahi. 2019ko azaroaren 22an emango diogu hasiera “Nitik harago Baietz 11 Intxaurrondon” erronkari eta abenduaren 3ra arte ariketan buru belarri murgilduko gara.