Komiki-saioa Donostia Kulturak antolatuta:
Komikia: Iruleak (Txalaparta, 2021)
Egileak: Garazi Albizua (Santurtzi, 1985) gidoilaria eta Olga Carmona Peral (Cadiz, 1977) marrazkilaria
Hizlariak: Garazi Albizua bertan izango da.
Baita beti bezala Igor Leturia ere saioa gidatuko duena
Noiz: Urtarrilaren 9an, asteartea
Ordua: 19:00
Non: Intxaurrondoko Kultur Etxea
………Felix Gabilondo plaza, 1 20015 Donostia
………943 48 34 02
Historia eta fantasia harilkatzen dituzte Garazi Albizuaren testu iradokitzaileak eta Olga Carmona Peralen ilustrazio indartsuek istorio irudimentsu batean; hitzaurrea Uxue Alberdirena da. Gidoiaren arabera Mar gazteak hiru mamuren bisita jasoko du Dickensen Eguberri kanta eleberri ezagunean bezala. ‘Mamuak’ historiako hiru emakume aparta eta independenteak dira: Margaret Fuller, Margarita Angulemakoa eta Inés Joyes y Blake. Gainera, badira beste hiru protagonista femenino (hiru ‘iruleak’, plano jasoago batean mugitzen direnak): Kloto, Lakesis eta Atropos; eurak dira Mar gazteari mamuak bidaltzen dizkiotenak, ‘zeru’ edo planeta urrun batetik gizakien patuarekin jolasten dutenak; kasu honetan euren arteko norgehiagoka, mamu-bisiten bidez ea hiruetako zeinek eragiten duen gehien Mar pertsonaiaren pentsaeran eta bizitzan.
Kontra azalekoa:
Hiru dira iruleak: Kloto, Lakesis eta Atropos. Beldurgarriak, boteretsuak eta independenteak. Gizakien patuaren jabe eta gidari… baina, hargatik, Lurrean aspaldi ahaztuak.
Asper-asper eginda, Klotok jolas tentagarri bat proposatu die ahizpei: ehuntzeko hariak hartu, eta lurtar baten bizitzan eragingo dute. Lurrean, Dickensen Eguberri kanta ezagunean bezala, Mar gazteak hiru mamuren bisita izango du. Ez da Gabon gaua, ordea, eta bisitariek ez diote alegiazko irakaspenik eman nahi; behinola bizi izan ziren emakume esanguratsuak dira: Margaret Fuller, Margarita Nafarroakoa eta Inés Joyes y Blake. Emakume beldurgarriak, boteretsuak eta independenteak, inondik inora ahaztu behar ez genituzkeenak.
Garazi Albizuaren testu iradokitzaileak eta Olga Carmonaren ilustrazio indartsuek gidatuko gaituzte istorio irudimentsu honen bilbean, historia eta fantasia abilezia handiz harilkatuz.