Euskaraldia
Zer da Euskaraldia 11 Egun Euskaraz?
Euskaraldia ariketa sozial bat da. Azaroaren 23tik abenduaren 3ra arte, 11 egunez, gure ingurune naturalean (lagunak, senideak, lankideak, kideak), ahobizi-belarriprest metodologiaren bitartez, euskaraz egiteko praktika bat izango da.
Nondik dator 11 Egun Euskaraz?
2016az geroztik, hizkuntza ohiturak aldatzeko ekimen herrikoi eta arrakastatsuak burutu dira Euskal Herriko hainbat herri eta auzotan: Donostiako Egia auzoan, Agurainen, Lasarte-Orian, Arrigorriagan, Lizarran, Miarritzen, Murgian… eta baita Intxaurrondon ere! 20 baietz egun dinamikaren bidez.
Nork antolatzen du 11 Egun Euskaraz?
Denon artean antolatu dugu. Elkarrekin, elkarlanean. Auzoan batzordea sortu dugu, animatu parte hartzera! (informazio gehiagorako idatzi helbide honetara: plazaragoaz@gmail.com)
Hona hemen intxaurrondon Euskaraldirako sortu genuen logoa:
Zer lortu nahi dugu?
Gure hizkuntza ohiturak euskarara aldatzea, euskara gehiago erabiltzea. Euskarari eustea eta euskarari bide ematea. Euskararen alde egotetik euskaraz egitera pasatu behar dugu.
Baina nola egin behar dugu?
2018an, norbanakoak belarriprest eta ahobizi roletan izena ematen eta 11 egun horietan ekimenean aktibo parte hartzen.
Nork har dezake parte?
Euskaraz ulertzen duten 16 urtetik gorako herritarrek eman dezakete izena. Norberak erabakiko du zein roletan izena eman, eta 11 egun horietan belarriprest edo ahobizi txapa jantziko du.
Zer da belarriprest izatea?
Belarriprestak euskaraz ulertzen du. Azaroaren 23tik abenduaren 3ra arte, euskaraz dakienari erraztasunak eman nahi dizkio. Bere txaparen bitartez, euskaraz dakienari gonbita egiten dio berarekin euskaraz hitz egiteko. Belarriprestak, agian, erdaraz erantzungo du, baina, berak ulertzen duenez, jendeak berari euskaraz hitz egiteko eskatzen du.
Zer da ahobizi izatea?
Ahobiziak euskara gehiagotan erabili nahi du, euskaraz bizi nahi du, eta bere hizkuntza ohitura batzuk aldatzeko prest dago. Azaroaren 23tik abenduaren 3ra arte, Belarriprest txapa duenari eta euskaraz ulertzen duenari euskaraz egingo dio, nahiz eta ulertzen duenak erdaraz erantzun, ahobizia denak euskaraz jarraituko du. Ezezagunei lehen hitza, gutxienez, euskaraz egingo die.
Non gertatuko da?
Euskal Herrikoko herri askotan ari dira antolatzen eta denon batera egingo dugu, hau da, euskal herriko txoko askotan gertatuko da. Esperientzia kolektiboa eta masiboa izango da. Hiri osoan ari gara antolatzen.
Baina, Euskaraldia, zure inguruan gertatu behar da: familian, lagunen artean, ezagunekin, lankideekin… Proposatu ahobizi edo belarriprest izatea zure inguruko kide horiei eta bilatu zure inguruan belarriprest eta ahobiziak. Hori oso garrantzitsua da.
Zer egin behar dut nik?
Lehengo pausua.
Proposamena aztertu:
16 urte baino gehiago dauzkazu?
Euskaraz ulertzen duzu?
Azaroaren 23tik abenduaren 3ra arte belarriprest edo ahobizi izango zara?
Bigarrena
Erabaki behar duzu ea Ahobizi edo Belarriprest izango zaren.
Euskaraz ulertzen dutenei euskaraz bakarrik egitea egingarria ikusten duzu?
Orduan, Ahobizi izan zaitezke.
Euskaraz ulertzen duzu, eta besteei eskatuko diezu zuri beti euskaraz hitz egiteko?
Orduan, Belarriprest izan zaitezke.
Hirugarrena
Eman izena azaroaren 22a baino lehen.
Esku-orria bete edo web gunetik izena eman ahal duzu: https://izenematea.euskaraldia.eus/.
Zenbat eta jende gehiagok izena eman, orduan eta erabilera handiagoa, orduan eta babes sozial handiagoa izango du.
Beraz kontuan hartu, zu ere oso garrantzitsua zara!
Laugarrena
Prestatu zure ingurua.
Zure inguruan Ahobiziak eta Belarriprestak edukitzea komeni zaizu. Zuk izena eman ondoren, proposatu zure senideei, lankideei, lagunei eta kideei Ahobizi edo Belarriprest izatea.
Ea 11 lagun lortzen dituzun zure inguruan. Zuretzat ona dena besteentzat ere bai!
Bostgarrena
Presta zaitez.
Ahobizi eta Belarriprest izateak zer dakarren ondo barneratu behar duzu. Beraz, zure herrian antolatuko duten ikastaroren batera joatea komeni zaizu, edo tutorialak ikustea, gida irakurtzea…
Zure hizkuntza ohitura batzuk aldatu nahi dituzu zure herriko askorekin batera eta horretarako, Ahobizi edo Belarriprest izan, nola jokatu behar dugun jakitea oso garrantzitsua da.
Seigarrena
Azaroaren 23an txapa ipini. Euskaraz ulertzen dugunok txaparekin identifikatzen bagara, ezagunen artean sorpresak hartuko ditugu. Eta ezezagunekin ez dugu pentsatu beharko ea ulertzen duten ala ez.
Atera armairutik, ipini txapa; Besteei euskaraz ulertzen duzula esateko, euskaraz nahiago duzula adierazteko.
Ahobizi edo Belarriprest txapa azaroaren hasieran banatuko dugu.
Beraz, animatu zaitezte eta eman izena! Izan zaitezte ahobizi edo belarriprest eta zabaldu informazioa inguruko kideei, lagunei, lankideei, etab.