Datorren igandean, abuztuak 10, Aste Nagusiko piraten egitarauaren barruan, Intxaurrondoko Traganarruak antolatu ditu:
- Bazkaria (14:00). Tiketak: Kai, Eraztun eta Zulo Zahar
- Jolasak (15:00)
- Estankea abordatzea Etxepare plazan (17:00) .
Beraz, intxaurrondoko abordatzea igandean izango da Etxepare plazako urmaelean (estankean), eta Kontxako abordatzea astelehenean izango da Donostiako portutik abiatuta.
Estankearen abordatzea 2022 (Irutxulo)
Intxaurrondoko Kofradia

Traganarrua, Tragarroia, Tornadoa, Mangera, Trabañarro, Tronpa… Itsas jeinuak izendatzeko hamaika hitz ditugu euskaldunok. Haize eta ur zurrunbilo ikaragarriak, mendeetan zehar marinel eta arrantzaleen amesgaizto izan dira, baita Piratenak ere.
Traganarruaren antzera, bazterrak nahastu eta festa Donostiako bazter urrunenetara eramateko asmoz sortu zuten kofradia. Nora eta Intxaurrondora.
Intxaurrondo, beste askoren antzera, ahaztutako auzoa da hiriburuan. Periferikoa, zentroarekiko urruna. Auzo Periferikook normalean ditugun arazoak Aste Nagusian areagotu egiten dira, jendez hustu egiten zaizkigu kaleak, uholdetan jaisten gara jai-gune nagusietara, mareak behera egiten du,… Ukatu egiten zaigu gure auzoan festaz gozatzeko aukera. Dena ilun geratzen da, hilda.
Baina marea gora dator! Badator enbata! Badatoz Intxaurrondotarrok Traganarru eta guzti! Donostiako festak Intxaurrondora iritsiko dira: Piratok ekarriko dituzte. Ez izozki eta suzirien festak, ez da gurea marko inkonparablea. Geure festa egingo dugu: Intxaurrondotarrok, Intxaurrondon eta denentzat.
Haizea hasi da harrotzen, itsasoa ari da oldartzen…